Museo-Etxea Julián Gayarrek bere sortetxea izandakoaren gainean 1879an eraikiarazi zuen eraikinean dago. Bertan, abeslariaren senideak bizi ziren; Gayarre bera oporraldiak igarotzera agertzen zen.
Etxeak oinplano karratua du, hiru solairu, ganbara bat eta lau isuriko estalkia; barnealde osoa egungo funtziora moldatu behar izan da.
Fatxadan, brontzezko plaka bat dago, Fructuoso Orduna eskultore erronkariarrak egina eta Erronkari hiribilduak tenorrari eskainia, beti erakutsi zuen eskuzabaltasuna eskertzeko.
Behe-solairua: Gayarre bere garaian ageri da, eta panel batzuen bidez bere bizitzan eta aldi berean Espainian nahiz atzerrian izan ziren gertakari nabarmenenak ezagut daitezke.
Tenorraren bizitza kronologikoki dago azalduta, agiri, argazki, domina, izendapen, libreto, partitura eta oparien bitartez, dena lau bitrina handitan banatuta.
Halaber, Julián Gayarrek bere bidaietan eskuratu zituen hainbat gauza bitxi ikus daitezke: billar-mahai bat, bizikleta bat, kalesa bat...
Lehen solairua: behe-solairuko bitrinek jarraipena dute hemen, non Gayarrek bere ikuskizunetan baliatzen zituen jantziak eta osagarriak (oinetakoak, eskularruak, ezpatak, ordezkoak) ikus daitezkeen, bai eta bere ibilbide osoan jaso zituen opariak ere.
Bitrina luze batean, Fundazioaren funts zabaleko gutunak, argazkiak, prentsa-zatiak eta bestelako agiriak daude.
Bigarren solairua: tenorraren logela bere horretan dago, aitaren erretratu eta Milango katedralaren irudi eta guzti, testigantza idatziei esker halaxe dekoratuta zegoela baitakigu; areto batean, abeslariaren pianoa eta beste gauza batzuk daude. Solairu honetan, Gayarreren laringea ere ikusgai dago.
Etxe osoan zehar, Gayarraren eta bere senideen erretratuak daude.
Fatxadan, brontzezko plaka bat dago, Fructuoso Orduna eskultore erronkariarrak egina eta Erronkari hiribilduak tenorrari eskainia, beti erakutsi zuen eskuzabaltasuna eskertzeko.