Erronkarin, Iruñean eta Madrilen du, nagusiki, Julián Gayarrek bere omenaldi iraunkorra, monumentu- edo eskultura-eran. Beldur barik esan dezakegu Mariano Benlliure eta Fructuoso Orduna (bigarrena lehenengoaren dizipulua, eta, Gayarre bezala, erronkariarra) direla tenorraren eskultoreak. Benlliurek egin zituen bai Gayarren gorpua estaltzen duen mausoleoa (webgune honetan, eskultoreari eskainitako berariazko atala dago) bai Museo Nacional del Teatro Almagro-n dagoen bustoa. Ordunak, Mariano Benlliure hil ostean mausoleoa mantentzeko lanak bere gain hartzeaz gain, herrikideari zion mirespena Madril, Iruñea eta Erronkariko kaleetan islatu zuen. Antonio Loperena eskultore nafarrak ere tenorraren busto bat egin zuen Gayarre izeneko kafategi baterako, Tuteran.
ALMAGRO (CIUDAD REAL) – Busto
Museo Nacional del Teatro Almagro-n (Ciudad Real), Gayarreren busto bat dago, Mariano Benlliure eskultore valentziarrak egina. Teatro Real-etik eramanda, tenorrarekin loturiko beste gauza batzuekin batera dago ikusgai; besteren artean, bitrina batean eta Anselmiren bihotzaren azpian, Gayarreren hil-mozorroa dago. Bustoaren ondoan, halaber, Gayarreri egindako azken argazkia dago, eta Erronkariko mausoleoaren igeltsuzko maketa bat ere bai, Benlliurek berak egina. Beste maketa batean, Teatro Real-eko barrualdea ikusten da, eta Gayarre agertokian Les Pêcheurs de Perles kantatzen. Gayarreren busto honen hainbat kopia daude, bat Erronkariko Museo-Etxean, kasu.
MADRIL – Monumentua
Brontzezko xafla, erliebe-erakoa, Fructuoso Orduna eskultore erronkariarrak 1923an egina. Arrazoi ezezagunengatik, erliebe eskultoriko hau gordeta egon zen, harik eta egileak, 1953an, gutun bat idatzi zuen arte, ABC kazetan, aditzera emateko oroitarria sortu zela tenor erronkariarra zendu zen etxeko fatxadan jartzeko -Gayarreren jaiotetxeko fatxadan bezala, Erronkarin-, alegia, Madrilgo Plaza de Oriente-ko 6.ean, baina ezinezkoa izan zela eraikinaren jabeak ez zuelako baimenik eman. Gutunean, Ordunak laguntza eskatu zion Madrilgo Udalari, zeinak, azkenean, aipatu etxe parean ezarri zuen, harrizko oinarri baten gainean.
IRUÑEA – Monumentua
Takonerako parkean dago. Eskultura bera Fructuoso Orduna eskultore erronkariarrarena da, eta marmol zuriz egina dago. Monumentu-multzoaren antolaketaz, berriz, Víctor Eusa arkitektoa arduratu zen, Almorquiko harriaz baliatuta. Monumentuak 10 metroko diametroa du, eta 11 metroko altuera.
1950eko uztailaren 5ean inauguratu zen, Nafarroako Foru Diputazioko presidenteordea eta Iruñeko, Erronkaribarreko zein Aezkoako alkateak bertan zirela, besteren artean. Ekitaldietan, hainbat dantza-talde izan ziren: Iruñeko Udalekoa, Zaraitzu Ibarrekoa, Muthiko Alaiak, Lizarrako Larrain Dantza eta Otsagabiako dantzariak. Erronkariar ugari ibarreko jantzi tradizionala soinean ibili zen, guztia Iruñeko Orfeoiak eta Santa Zezilia Orkestrak musikaz lagunduta.
Inaugurazio-ekitaldiak uztailaren 3an hasi ziren, Gayarre Antzokian, opera-ziklo batekin (3an, 4an eta 5ean): Madama Butterfly, La Bohème eta Tosca eskaini ziren, hirurak Puccinirenak.
2000. urteko uztailaren 1ean, La Ondarra kultur elkarteak antolatuta, monumentu honen inaugurazioaren berrogeita hamargarren urtemuga ospatu zen. Aurreko egunetan, Iruñeko Udalak monumentu-multzoa sakonki garbitu eta ingurua edertu zuen.
Uztailaren lehen hartan, Iruñeko kaleetan segizio ikusgarria izan zen, Erronkariko zazpi herrietako alkateak buruan, nor bere banderarekin; atzean, Iruñeko alkatea eta Udalbatza, Foruzaingoa, gala-uniformea jantzita, Irunberriko erraldoien konpartsa, Otsagabiko eta San Lorenzoko (Iruñea) dantzariak, udal-dultzaineroak eta Erronkariko arropa tradizionalez jantzitako dozenaka lagun, besteak beste Julián Gayarre abesbatzako eta Iruñeko Zentro Erronkariarreko kideak.
ERRONKARI – Monumentua
Brontzezko bustoa, harrizko oinarri gainean, hasieran Erronkariko pilotalekuan ezarria. Eskultura Fructuoso Orduna Lafuente erronkariarrak egin zuen. 1916ko abenduan, Madrilen zegoela, gutuna igorri zion Erronkariko Udalari bere burua marmolezko zutabe bat eta brontzezko busto egiteko eskaintzeko, doan, tenorra betiko oroitzeko.
Monumentua 1917ko uztailaren 22an inauguratu zen, hainbat diputatu probintzial, Diputazioko Idazkaria, tokiko agintariak, tenorraren senideak eta Orfeiko batzorde bat bertan zirela. Monumentuaren azpian, metalezko kutxa batean, lehen harria jartzeko ekitaldiaren adierazpen-akta bat, garaiko txanponak eta tenorraren jaiotza-aktaren ziurtagiri bat sartu ziren.
1952an, Fructuoso Ordunak harrizko busto narriatua kendu eta brontzezko antzeko bat jarri zuen. Hori, oinarri sendoagoarekin, 1953ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten, eta gaur denok ezagutzen dugun horixe da. 2001Eko uztailean, Erronkariko Udalak Fructuoso Ordunaren omenez antolatu zituen ekitaldien baitan, plaka bat ezarri zen monumentuan, egiteko arrazoiaren, egilearen eta ezarpen-dataren berri emateko.
2007an, Gayarrek eraikiarazitako laxo-pilotalekua jatorrizko egoerara leheneratu zenean, monumentua egun dagoen tokira eraman zuten, Museo-Etxe ondoko lorategira, hain zuzen.
ERRONKARI – Erliebea
Julián Gayarre Museo-Etxea dagoen eraikinaren fatxadan, oroitarri eskultoriko bat dago, Fructuoso Ordunak egina eta, Julián Gayarre omenez, Madrilgo Tertulia Navarrak ezarria, 1924ko uztailaren 14an. Hasieran, asmoa zen oroitarria Madrilen jartzea, tenorra bizi eta zendu zen etxeko fatxadan, baina eraikinaren jabeak ez zuenez baimena eman, testua aldatu eta Gayarreren jaiotetxean jarri zuten. Oroitarria herri-harpidetza bitartez ordaindu zen, eta ezarpen-ekitaldian Nafarroako agintari ugari izan ziren.
Ordunak Madrilgo Arte Modernoaren Museora eraman zuen, 1923ko abenduan, berari bakarrik eskainitako erakusketa batean erakusteko beste bost lanekin batera. Madrilgo prentsak laudorio apartak idatzi zituen obra honi buruz.
2001ean, Erronkariko Udalak Fructuoso Ordunaren omenez antolatu zituen ekitaldietako batean, plaka txiki bat ezarri zuten fatxadan eskultorearenn obra honen berri emateko.
TUTERA – Busto
Antonio Loperena eskultore nafarraren obra. 1999an ezarri zen Gayarre 2 kafategi barruan, herri nafarreko Gayarre kaleak eta Herrerías kaleak bat egiten duten izkinan.