es | eu | fr | en

Informazio orokorra

Julián Gayarreren heriotzaren mendeurrenean, 1990eko urtarrilaren 2an, haren izena duen Museo-Etxea inauguratu zen Erronkarin, tenor erronkariarrak bere sortetxea izandakoaren orubean 1879an eraikiarazi zuen eraikin berean.

Museo-Etxea abian jarri ahal izateko, tenorraren ondorengoen dohaintza ezinbestekoa izan zen. Erronkariko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera, Julián Gayarre Fundazioa eratu zuten, eta horixe arduratu da bere barnealdean artistaren gauzen, oroitzapenen eta sarien erakusketa zabala atontzeaz, bai eta erakusketa iraunkorra antolatzeaz ere, erronkariar ospetsuaren memoriak betiko iraun dezan. Fundazioa, nagusiki, Nafarroako Gobernuak eta Erronkariko Udalak finantzatzen dute.

Museoan ikusgai dagoen ondarea ERCOA kolektiboak (Artelanen Zaharberritzean eta Kontserbazioan Adituak) zaharberritu zuen. Nafarroako Gobernuak eskatuta, guztira tenorraren berrogeita hamar gauza zaharberritu zituen; besteak beste, Gayarrek “Lucrezia Borgia”, “La Favorite”, “Il Trovatore” eta “Rigoletto” operetan erabili zituen jantziak, ileordeak, oinetakoak, osagarriak, koroak eta apaingarri metalikoak.

Museoak, era berean, Gayarreri eta operaren munduari buruzko prentsa- eta dokumentazio-fitxategi garrantzitsua du, norbanakoen dohaintzei esker etengabe aberastua.
Museo-Etxea hainbat mila lagunek bisitatzen dute urtero; nabarmena da, izan zuen oihartzunagatik, Alfredo Kraus tenorrak egindako bisita, 1998ko abenduaren 6an.