Gayarreren mausoleoa, Marmola eta brontzea hilezkortasunerako, Mariano Benlliurek egina
Mausoleoak bi esparru ditu, ederki bereizita:
Behealdekoa, Carrarako marmol zuriz egina, harmailadi baten gainean dago, eta gezurrezko sarkofago bat dirudi, ume kantari batzuek eusten dituzten filakterietan Gayarreren opera arrakastatsuenen izenburuez, girlandaz eta idi-kaskezurrez apaindua. Aurrealdean, Musikaren irudi ederra dago: oinazeak jota, harmailadian erorita dago, burua sarkofagoan bermaturik eta aurpegia ezkutuan. Bestaldean, opera-oihal bat dago zintzilik, zoruraino; sinbolikoki, azken emanaldia bukatutakoan erori da, eta, ertzeko zerrendan, Donizetti eta Rossini izenak irakur ditzakegu, tenor erronkariarrak abestu zituen obren egileenak, hain zuzen.
Beheko esparru horren antolaketa estatikoak ez du zerikusirik Benlliurek goialdeari emandako dinamismoarekin. Goiko barrutia brontzetan urtuta dago, eta Harmoniaren eta Doinuaren irudi alegorikoek tenorraren irudizko hilkutxa daramate altxatuta; horrez gain, putti-ak agertzen dituzten behe-erliebeek, lore-sortek eta musika-motiboek inskripzio honi laguntzen diote: “Julián Gayarre 1890”. Sarkofagoaren gainean, Ospearen alegoria makurtuta dago, burua hilkutxatik gertu bermatuta, “aingeruaren ahotsa” entzuten jarraitu nahian. Xehetasun psikologiko hori ezin egokiagoa da, Gayarre goitizen zoragarri horrekin izan baitzen ezaguna.
Obran, nabarmena da eskultorearen trebezia teknikoa, eta abileziaz baliatu zuen klasizismoa, eskultura errenazentista, erromantizismo berantiarra eta modernismoa uztartzen dituen lengoaia.
Julián Gayarreren mausoleoa aurrenekoa izan zen Benlliureren hilobi-eskulturen artean, eta hildakoaren irudia agertzen ez duen bakarra da; izan ere, sinbolismoa nabarmendu nahi zen, eskultoreak berak zioen bezala: “Erretraturik gabeko lan bakarra da, irudiek dena diote”.
Julián Gayarre 1890eko urtarrilaren 2an zendu zen, Madrilen. Espainiako hiriburuko kaleetan barrena, segizio jendetsua ibili zen, eta, hiru egun geroago, artistaren gorpua Erronkariko hilerrian ehortzi zuten. Gayarreren sendiak, Valentín iloba buruan, tenorraren hilobia estaltzeko mausoleo bat egin zezan eskatu zion Mariano Benlliure eskultore ospetsuari (El Grao, Valentzia, 1862-Madril, 1947), mende arteko kultura espainiarraren ordezkari handienetakoari, hain zuzen. Gainera, Gayarreren oso laguna izan zen, Erroman elkar ezagutu zutenetik, tenor nafarra sarri joaten baitzen hara bere opera-lan arrakastatsuak kantatzera.
Mausoleoaren eraikitze-prozesua, Erroman, Benlliurek bertan baitzuen bere estudioa, luzea eta korapilatsua izan zen. 1890eko abuztuan, zirriborroa bukatuta zuen eskultoreak, eta 1891n hasi zen gauzatzen, baina 1897an bukatu zuen. Hainbeste denbora emateko arrazoi nagusia izan zen urte haietan erakunde ofizialen enkargu ugariri erantzun behar izan ziola. Azkenean, mausoleoa 1901ean ezarri zen Nafarroako hilerrian. Mariano Benlliurek, bere lanaz harro eta tenorraren sendiaren baimenaz, arteari eskainitako hainbat erakusketa eta aretotara eraman zuen. Esaterako, Arte Ederren Zirkuluko VI. Erakusketa Bienalean, 1898an, Madrilgo Erretiroko Kristalezko Jauregian, laudorio biziak jaso zituen: “Marmol eta brontzezko poema, xehetasun-edertasunez josia” (El Imparcial, 1898-5-28); 1900. urtean, berriz, mausoleoak Eskulturaren Ohorezko Domina jaso zuen, Parisko Erakusketa Unibertsalean, Grand Palais-en, artistaren biografo Violeta Montoliuk “erabateko garaipena” izendatu zuen ekitaldian. Arrakasta horren ondoren, mausoleoa Madrilera eraman zuten, eta Maria Kristina erreginak Isabel II.aren plazan ezartzeko interesa agertu zuen, Teatro Real-en parean, baina Gayarretarrak Erronkarin ezar zedin tematu ziren. Azkenean, esan bezala, 1901ean gertatu zen hori.
Gayarreren mausoleoa 1901eko uztailaren erdialdean zarri zen Erronkariko hilerrian. Benlliurek berak gainbegiratu zuen lana, eta, tarteka, oso malenkoniatsu agertu zen, bere obra Pirinioetako herri horretan utzi behar zuelako, uste baitzuen han ez zuela izango merezi zuen transzendentzia. Monumentua 1901eko urrian inauguratu zen ofizialki. Gayarrerekiko maitasunaren eta mausoleoari ematen zion garrantziaren erakusgarri aparta da Mariano Benlliure bera arduratu zela mausoleoa garbitzeaz, hainbat eta hainbat urtean, Fructuoso Orduna dizipuluarekin batera. Eskultore valentziarra hil zenean, 1947an, ikasleak hartu zuen bere gain egiteko hori, eta bera ere zendu zenean, 1973an, pixkanaka multzoa hondatzen hasi zenez, hainbat zaharberritze-lan egin zitzaizkion, 1989-90ean, 1996an (Nafarroako Gobernuak Kultur Intereseko Ondare izendatu zuen) eta 2010ean.
José Javier Azanza López irakasleak 2015ko irailaren 19an Erronkariko Haraneko Etxean eman zuen hitzaldiaren pasarte bat.