es | eu | fr | en

Zinematografia

Julián Gayarreren bizitzari buruz hiru film egin dira: "El canto del ruiseñor" (1932), "Gayarre" (1959) eta "Romanza final" (1986). Hobeto edo okerrago, pantaila handian tenor nafarraren bizitza ezagutzera emateko balio izan dute.

FILMAK

El Canto del Ruiseñor

El Canto del Ruiseñor1932an, Bartzelonako Orphea Film ekoiztetxeak Erronkariko tenorraren bizitza pantaila handira eramatea erabaki zuen. Carlos San Martín kolonbiarrak zuzenduta, Gayarreri buruzko aurreneko pelikula honen filmaketa 1934ko urtarrilaren 7an amaitu zen, eta urte bereko apirilaren 21ean estreinatu zen, Madrilen. Charito Leonís eta Hilda Moreno aktoreekin batera, José Romeu aktore bikaina, Antonio Palacios, María Espinalt, Valeriano R. París, Carlos Baena eta Pablo Álvarez Rubio agertzen dira, besteak beste. Musikaz, José Rizo Navarrok konposatuta, Iruñeko Orfeoia arduratu zen. Filma CIFESA zinema-enpresak ekoitzi zuen, eta hasierako aurrekontua azkar asko gainditu zen; hala, Joan Pich i Ponten laguntza ekonomikoari esker bukatu ahal izan zen. Badirudi bere garaian arrakastatsua izan zela, kritikariek espainolkeria hutsa zela esan bazuten ere; hain zuzen, musika-superprodukzio espainiar peto-petoa zela esanez iragarri zuten.

Halere, film honen meritua da Gayarreren gaineko aurrenekoa izan zela, eta are meritu handiagoa du kontuan hartuta aktore kolonbiar bat duela protagonista, zeina gai izan zen tenor erronkariarraren biografian lan zinematografiko bat egiteko moduko argumentu nahikoa ikusteko eta garai hartako ekoizleak konbentzitzeko.

 

Gayarre

GayarreJulián Gayarreri buruzko lehenengo pelikula estreinatu zenetik, hamahiru urte besterik ez zen joan Erronkariko tenorraren gaineko bigarren filma grabatzen hasteko. Film duin eta serioa egin nahi dugu, beraz, behar beste bitartekoz baliatuko gara aitortu zuten, Iruñean, pelikularen ekoizleek. Horretarako, zinemaren munduko berrogeita bost aktore famatu kontratatu zituzten, eta, gainera, Alfredo Kraus paregabeak, orduan dagoeneko divotzat joak, jokatu zuen Gayarreren papera.

Gidoia, Julio Encisoren Memorias de Julián Gayarre, Madrid 1891 liburu biografikoan oinarritua, Enrique Fernández Sintesek, Ignacio Aldecoak eta José Luis Madridek idatzi zuten. Gidoiari inolako meriturik kendu gabe, bidezkoa da nabarmentzea musika-atala, Salvador Ruiz de Lunaren ardurapekoa, egitura narratiboa baino gehiago nabarmendu zela. Operaren esparruan egin ziren erakusketa bikain guztiak alde batera utzita, nor ez da hunkitzen filmean Vasco navarro soy, del Valle de Roncal... zortzikoa entzunez? Hain zuzen zortziko horri dagokionez, argitu beharra dago pelikularako konposatu zela, eta, zenbaitek uste ez bezala, tenor erronkariarrak inoiz ez zuela abestu. Era berean, film honetarako konposatu zen aroztegian lanean ari dela Krausek abesten duen jota bizia: Y a nadie le ha de extrañar / mi corazón tiene frío / y a nadie le ha de extrañar / que al compararlo a la fragua / tiene el fuego de un volcán. / Mi corazón tiene frío / de tanto amar. Ruiz de Lunak konposatu zituen zortzikoa eta jota, eta, biengatik, Ikuskizunaren Sindikatuaren Sari Nazionala irabazi zuen, 1959an.

Filma 1957an hasi ziren grabatzen, eta urtebete geroago bukatu zuten. Agertoki nagusiak Erronkaribar, Iruñea, Zaragoza eta ekoiztetxearen Madrileko estudioak izan ziren. Azkeneko horietan, Milango La Scala, Parisko Ópera eta Madrilgo Teatro Real, besteren artean, zehatz-mehatz muntatu zituzten. Lan horrek, Antonio Cortésen zuzendaritzapean, aktore eta estren kontratazioak, eta zuzendariak eta ekoizleek tenorraren mundua ahalik eta fidelen islatzeko asmo tinkoak izugarri handitu zuen pelikularen amaierako aurrekontua, hamar milioi pezetatik gorakoa.

Pelikulako aktoreen artean, hauexek nabarmentzen dira: Alfredo Kraus, Luz Márquez, Manuel Arbó, José Vidal, Félix Dafauce, Aníbal Vela, José Sepúlveda, Luis Rivera, Luis Roses, Teófilo Palau, Fernando Cebrián, Silvana Pampanini, Antonio Riquelme eta Lina Huarte Mendicoa soprano iruindarra.

Filma Iruñeko Gayarren Antzokian estreinatu zen, 1959ko urtarrilaren 6an, eta hamasei egun jarraian eskaini zen, arrakasta handiz. Martxoaren 2an, Madrilen estreinatu zen. Alfredo Krausek, bere pertsonaiarekin bikain bat eginda, Idazle Zinematografikoen Zirkuluaren saria jaso zuen film honetan egindako antzezpenagatik.

1998ko abenduaren 6an, Julián Gayarre Fundazioak filmaren 40. urteurrena ospatzeko Iruñean eta Erronkarin antolatu zituen ospakizunen artean, Alfredo Kraus Nafarroako herri bietan izan zen: hiriburuan, filmaren emanaldian egon zen; Erronkarin, berriz, mausoleoa -lore-sorta bat utzi zuen bertan- eta Museo-Etxea bisitatu zituen.


Romanza Final

Romanza Final1986ko apirilean, Iruñean, Romanza final filma estreinatu zen, Julián Gayarreren bizitzari buruzkoa, José Mª Forqué zuzendari ezagunak zuzendua eta José Carreras tenorrak protagonizatua, beste askoren artean Sydne Rome, Alberto Closas semea-, Aitana Sánchez Gijón, Mario Pardo, Susana Campos, Monserrat Caballé, Aitor Merino eta Antonio Ferrandisekin batera. Pelikula grabatu zen Erronkarin, Bertizko Jaurerrian, Irantzuko Monasterioan, Iruñean eta Katalunian, 300 milioiko aurrekontuarekin, zeinari Nafarroako Gobernuak laguntza garrantzitsua eman zion. Tenorraren gainean egindako hiru pelikuletatik, hauxe urruntzen da gehien haren errealitate biografikotik, kritikari gehienen iritziz.